
Euskara eta gaztelania ikastea bermatuko duen hizkuntz eredu baten alde
2006-11-28 / 07:00 / Félix Etxeberria
IRAKASKUNTZA
Hainbat arrazoi direla medio -demografikoak, pedagogikoak, profesionalak, didaktikoak, giza eskubideen gainekoak eta abar-, euskarazko irakaskuntzak bilakaera sakona ezagutu zuen Euskal Herriko ikastoletan 1980ko hamarkadaren hasieran. 25 urteren ostean, aitortu beharra daukagu ereduen sistemak garai bateko premiei erantzun ziela, baina gaur garaiz kanpo eta gaindituta dagoela.
Askok pentsatu genuen sistema berri bat behar zela sortzen ari ziren zailtasunei aurre egiteko, eta euskararen irakaskuntza ikastetxe guztietara, hala publikoetara nola pribatuetara, hedatu zenean, irakasleen hizkuntz gaitasunaren argudioak berebiziko pisua hartu zuen: ezinezkoa zen Euskal Herriko haur guztiak euskaraz eskolatzea, hain zuzen ere irakasleria ez zegoelako lantegi itzel horri ekiteko trebatuta.
Egoera nabarmen aldatu da, eta hezkuntzaren munduko pertsona ugari eta elebitasunaren alorreko hainbat aditu aspaldian defendatzen ari gara ezin zaiola hizkuntz ereduen sistemari denbora gehiagoz eutsi. Arrazoiak asko dira.
Ikerketa
Azken 30 urteotan, irakaskuntzari eta euskarari buruzko 50 ikerketa inguru egin dira, proportzioan kopuru handia inondik ere, beste herrialdeekin alderatuz gero. Ikerketa horien arabera, 1970eko urteetan plazaratu ohi ziren kezka eta galdera ugarik erantzun konplitua jaso dute. Badakigu euskara nola ikasten den gehien eta ondoen. Badakigu, halaber, euskara ikasteak ez diola inolako kalterik egiten beste gai batzuen ikaskuntzari, matematika, zientzia-ikasketak eta ingelesa kasu. Badakigu euskara ikasteak ez duela arazo gehigarririk eragiten.
Hitz batean esanda, D ereduan ikasten duten ikasleek besteek bezain ondo ikasten dituzte gainontzeko gaiak eta ez dituzte besteek baino arazo pertsonal, adimenezko arazo, edo beste motaren bateko arazo gehiago izaten. Badakigu D ereduko ikasleek emaitza onak lortzen dituztela selektibitatean, eta ez dutela zailtasunik ikasketak euskaraz jarraitzeko. Dena da abantaila euskaraz ikasten dutenentzat (Etxeberria, F., 2005). Bestalde, badakigu, ondo jakin ere, A ereduan ikasleek ez dutela euskara oinarrizko mailan ikastea lortzen, ikerketak eta esperientzia pertsonalak eguna joan eta eguna etorri erakusten diguten bezala.
Azkenik, eskolako elebitasunari buruz Europan egindako azken ikerketa bat ekarriko dugu hona. 2005ean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak euskal irakas-sistemako ikasleen euskara-mailari buruzko ikerlan baten emaitzak argitara eman zituen (ISEI-IVEI, 2005). Datuak arduratzeko modukoak dira; izan ere, askok zituzten aurreikuspenak gainditu egin dituzte.
Ikerketako proba, ahozkoa eta idatzia, DBHko 4. mailako -16 urteko- 1.191 ikaslek egin zuten. Proba hori ingeleserako "First Certificate" izenekoaren baliokidea da; hau da, zailtasunari dagokionez, maila ertainekoa da. Euskarazko probekin alderatuta, maila EGA tituluarena baino apalagoa da.
Eusko Jaurlaritzaren datu estatistikoen arabera (EUSTAT, 2004), DBHko ikasleak honela eskolatuta daude, hizkuntz ereduei begira: A ereduan, % 29; B ereduan, % 24, eta D ereduan, % 47. Hezkuntza Sailaren esanetan, A ereduko ikasle bakar bat ere ez da proba gainditzeko gai izan, B ereduan % 27,5ek gainditu du, eta D ereduan % 57,2k. Ikus koadroa (Iturria: ISEI-IVEI (2005): Euskararen B2 maila derrigorrezko irakaskuntzaren amaieran (DBH4). Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.):
EAEko IKASLEAK EREDUEN ETA EUSKARA-MAILAREN ARABERA.DBHko 4. MAILA
Eredua
Ikasleak
Probagainditutakoikasleakereduka
Probagainditutakoikasleakguztira
Probagainditugabekoikasleakguztira
A
% 29
% 0
% 0
% 29
B
% 24
% 27,5
% 7
% 17
D
% 47
% 57,2
% 27
% 20
GUZTIRA
% 100
% 34
% 66
Guztira zenbat ikaslek ez dute proba gainditu? Datu hori jakiteko, emaitzak eta eredu bakoitzean dagoen ikasle-kopurua kontuan hartu behar dira. D ereduan (% 47), ikasle guztien % 27k gainditu zuen proba, eta B ereduan (% 24), berriz, % 7k. Esan dugu A ereduko ikasle bakar batek ere ez zuela proba gainditzea lortu. Horrenbestez, hiru ereduetako ikasle guztien % 34k (27+7) soilik lortu zuen proba gainditzea, eta DBHko 4. mailako neska-mutilen % 66 gainditze-marraren azpitik ibili zen. Gutxienez 13 urtez euskaraz eskolatuta egon ostean, ikasle gehienak ez dira proba gainditzeko gai; hau da, ez dute euskara menderatzen.

0 Comments:
Post a Comment
<< Home